ARTISTA GONBIDATUA
Arguiñe Escandón (Bilbo, 1979). Lotura emozionalak arakatzean eta alderdi psikologiko nahiz soziologikoekiko interesak piztu dute argazkilari honen arreta, fikzioa eta errealitatea uztartzeko helburuz, misterioz blaitutako iruditeria bat eraikiz.
Besteak beste, Lausanako Musée de l’Elysée museoak antolatzen duen Prix Elysée sarirako hautatu dute eta Futures Photography-n (PhotoEspaña); finalista izan da Argazkilaritza Garaikideko Galizia Sarian eta Vegap-en sorkuntza-laguntza eskuratu du. Swiss Design Awards sarietarako ere hautatu zuten eta Kultura Ministerioaren Arte Plastiko eta Argazkigintzako Beka jaso zuen, Parisko (Frantzia) Espainiako Kolegioan.
Yann Grossekin lankidetzan egindako «Aya» argazki-liburua (RM argitaletxea) finalista izan zen 2020ko Photoespaña edizioaren urteko argazki-libururik onenaren kategorian, eta International Photobooks Singapore eta Lucie Photo Book Prize (New York) festibalen aurrehautaketan agertu da.
Arguiñeren lana estatuko zein nazioarteko hainbat aretotan egon da ikusgai: Les Rencontres d ‘Arles, Wilde Gallery (Geneva); Swiss Design Awards (Basilea), Images jaialdian (Vevey), Verzasca Photo Festival (Locarno), Breda Photo (Herbehereak), Hangar Photo Art Center (Brusela) eta Arte Ederren Zirkuluan (Madril), besteak beste.
Ikus-entzunezko Komunikazioko lizentziaduna da eta Adimen Emozionaleko graduondoa ere ikasi du; Blank Paper Argazkilaritza Masterreko beka jaso zuen, Proiektuen Garapenaren arloan. Hainbat hedabidetan hauspotu dute beraren lana, hala nola Aperture Magazine, El País, Fisheye, Gup, Le Temps, Liberátion, Vogue Italia, The light Observer edo The Guardian komunikabideetan.
«Donde crecen las plantas salvajes» (Landare basatiak hazten direneko lekua)
Calpeko (Alacant) Ifach haitzak, Mallorcako hego-mendebaldeko muturrak eta Eivissako Es Vedrà uhartetxoak zedarriztatzen dute Isiltasunaren Triangelua, magnetismo bitxi eta adierazpen paranormalengatik ezaguna den eremua.
1979ko azaroaren 11n, TAE konpainiako hegazkin bat aireratu zen Mallorcan eta larrialdiko lurreratzea egin behar izan zuen Valentzian, tripulazioak adierazi zuenez, OVNI batek eraso egin ondoren. Gau horretan bertan, ordu berean, Mallorcako Vall de Sóller herriko bizilagun batek argi bitxi bat atzeman zuen bere argazki-kamera erabiliz Puig del’Ofre mendiaren gailurrean (poliziak konfiskatu eta zentsuratu zizkion negatiboak). Gertaera hori Maniseseko gertakaria izenez ezaguna da eta, horretan oinarrituta, Mediterraneoko «Bermuden Triangelua» deitu zioten eremu horri.
Landare basatiak hazten direneko lekua artxibo historiko, erritu, mito, lekukotasun eta istorio aparten bilketa-lanaren emaitza metaforikoa da, hain espazio bitxiaren erpinetako batean bizitzearen esperientzia pertsonalarekin bat egiten dutenak.