BAFFEST 2023 EMAKUME ARGAZKILARIEN LEHIAKETAREN FINALISTA
Lilia Ana Ramos (La Matanza de Acentejo, Tenerife) Tenerife eta Valentzia artean hazi zen. Zientzia Politikoak ikasi zituen Valentziako Unibertsitatean eta Europako Ikasketetako (College of Europe) nahiz Argazkilaritzako (EASD, Dr. Nopo, la Fotoescuela) masterrak atera zituen.
Jaioterrira itzuli zenetik, Kanarietako Photobook Club taldea koordinatu zuen 3 urtez, eta Lanzaroteko ‘Nueve Trece’ argazkigintza eta ikusizko arteen festibalaren antolatzaileetakoa da. Gaur egun, dokumentazio-zentro batean lan egiten du eta proiektu pertsonalak gartzen ditu. Proiektu horiek nortasuna eta lurraldea jorratzen dituzte, esaterako, egileak berak argitaratutako Atlanticidad (2020) liburuak edo Papamadre (2022) lanak.
This is Acentejo
Acentejo arauaren salbuespena da, Tenerifeko uhartearen iparraldean dagoen erresistentzia-eremua. Hemen, Matilderen biloba edo Mauroren iloba naizelako ezagutzen naute.
Lurraldea azkar bai azkar aldatzen ari da, itolarrian dabil, berriro ere urrunetik edo oso urrunetik datorren ustezko modernitate-kutsuko iruzurrari lotuta: Santa Cruzeko jendea igandero-igandero, giriak neguan, godoak udan eta pandemiaren osteko nomada digitalak urte osoan.
Hemen, etxe eta guachinche-etan banatzen da ogia; Toyota Hilux direlakoak lanabesez, aztiez eta animaliez beteta doaz; rantxerak, bachata eta merenguea entzuten dira lau haizeetara eta lau bozgorailu txepelek udal bandoen eta egunean hildakoen berri iragartzen dute.
Gure ohituretan babesleku hartu eta geuk bakarrik ulertzen ditugun hitzez mintzatu arren, gudua galtzen ari gara. Gure arma bakarrak orografia zaila, itsasorako distantzia eta hodei-itsasoa dira. Gure azken baliabidea sinkretismoaren zernahitarakoa erabiltzea izango da, datorrena bertakotzea eta gurearekin nahastea, duela 500 urtetik egin dugun bezala.