Dagoeneko, Aitziber Orkolagaren “Plaketak” erakusketa ikusgai dago, eta festibalak udaberri honetarako (maiatzak 4-31) diseinatutako egitarauaren aurrerapena da.
Hedabideen aurrean egindako aurkezpenean, Amaia del Campo Barakaldoko alkatea; Nerea Cantero, Kultura zinegotzia; Nagore Legarreta, Euskal Emakume Argazkilari Berrien Lehiaketaren arduraduna; eta Aitziber Orkolaga, 2019ko Lehiaketaren irabazlea, izan ziren.
Alkatearen hitzetan: “Oso argi dugu kultura bide paregabea dela herritarrak askotariko gaietan sentsibilizatzeko. Horietako bat berdintasunarena eta emakumearen paperaren aldarrikapenarena da; horregatik, ekimen hau ezagutu genuen lehen unetik, Barakaldo BAFFESTen egoitza izatearen aldeko apustua egin genuen, esaten nuen bezala, aldarrikapen jaialdi bat izan baita hasieratik. Lehenik eta behin, emakumeak argazkigintzan izan duen rola azpimarratuz, historikoki gizona nagusi izan den mundua. Gainera, erakusketa bakoitzaren bidez, ikusgarri egin behar diren errealitate sozial ezberdinak erakutsiz “.
Aldi berean, Amaia del Campok honako hau adierazi zuen: “BAFFEST sendotu egin dela ozen eta argi esan dezakegula uste dut, gaur bosgarren edizioari hasiera ematen ari baikara; edizio garrantzitsu honek gure jaialdiaren irudia indartzen lagunduko digu, bai Barakaldon, non aski ezaguna baita, bai gure mugetatik kanpo, eta Estatuko argazkilarientzat erreferente bihurtu den jaialdi bat bilakatu da”.
Nagore Legarretak, Euskal Emakume Argazkilari Berrien Lehiaketaren arduradun berriak, lehiaketaren edizio berri bat aurkeztu zuen. Parte hartu ahal izateko oinarriak jaialdiaren webgunean daude ikusgai, www.baffest.eus.
Deialdia martxoaren 15era arte dago zabalik eta Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotako nahiz bizi diren argazkilari guztiei zuzenduta dago.
Aurkezpen berean, Aitziber Orkolaga argazkilariak, 2019ko lehiaketako irabazleak, BAFFEST 2020ko lehen erakusketa bihurtu den “Plaketak” lanari buruz labur hitz egin zuen. Erakusketa, Barakaldoko Hizkuntza Eskolako lorategietan dago ikusgai.
Ekitaldian Ura Iturralde argazkilari tolosarra ere izan zen, 2018ko lehiaketaren irabazlea.