BAFFEST 2023 EMAKUME ARGAZKILARIEN LEHIAKETAREN FINALISTA
Paula Yubero (Madril, 1997). Arte Ederretako gradua atera zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean (2019) eta, geroago, MAPA Masterra egin zuen, LENS Ikusmen Arteen Eskolan (2021). Sari eta deialdi batzuetan hautatu dute, besteak beste, «Descubrimientos PHotoEspaña» topaldian, 2019ko edizioan. 2022an, Encontro da Imagem (Braga, Portugal) festibaleko finalista izan zen eta Ohorezko Aipamena jaso zuen Dummy Award delako sariketan. Gaur egun, Madril eta Porto artean bizi da.
Txikia nintzenean, lagun ikusezin bat neukan, gurasoen armairuan bizi zena. Denbora luzea ematen zuen leku ñimiño hartan bakanduta, argirik gabe, arroparen ukituak eta etxeko usainak barnebildurik. Nahi nuen guztia gerta zitekeen leku hartan, mikrokosmos txiki horretan, non errealitatearen eta irudimenaren arteko marra zeharo lausoa baitzen. Ez naiz oroitzen leku horretan bizitzeari zein eginetan utzi nion, ezta nire lagun ikusezina azkeneko aldiz noiz ikusi nuen, baina une horiek irudiak sortu nituen aurreneko aldiekin lotzea gustatzen zait.
Nire iritziz, argazkilaritza etengabeko elkarrizketa da arlo fisikoaren eta irudimenezkoaren artean, bada, ametsak direla medio, munduan egoteko modu bat. Argazkigintzak berak beste leku batera narama, eta argazkiak egiteko kamera handi eta astunak erabiliz, ekintza gorpuztu egiten da, nire gorputz osoak argazki-hartualdian esku hartzen duela. Une txiki horiek berezko erritual bihurtuz. Horrela, nire kosmosa sortzen dut eta txikia handi eta garrantzitsu bihurtzen da, eta txiki-txikiaren bidez, inguruko espazioa ulertzen saiatzen naiz. Irudiak biltzen ditut, barru-barruko lorategia eraikitzen duenaren antzera, arlo fisikoa, irudimenezkoa eta denbora landuz.