Laura San Segundo (Alcala de Henares, 1990). Arte Ederretako lizentzia atera zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean; ikuste-artista, argazkilari profesionala eta arte garaikideko eta argazkigintzako irakaslea da Istituto Europeo di Design (IED) delakoan, EFTIn eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan.
EFTIren Argazkigintza Garaikideko Masterra egiteko beka jaso ostean, sormen artistikoari lotu zion bere jarduera, eta, azken urteotan, beken laguntzari esker garatu du, hala nola Parisen dagoen Espainiako Ikastetxean lortutako Arte Plastikoen eta Argazkigintzaren bekari esker, Madrilgo Erkidegoak Reykjaviken egonaldi artistikoaz gozatzeko emandakoari esker, Sorkuntzarako Laguntzei (VEGAP) esker edo Arte Plastikoen Zirkuituei esker; beste alde batetik, erakusketak egin ditu hainbat galeria eta arte-erakundetan: Centro para os Asuntos da Arte e Arquitectura (Guimarães), Centro de Arte y Creación Industrial LABoral (Gijón), Matadero (Madrid), Centro de Cultura Contemporánea Conde Duque (Madril), Galería Cero (Madril) edo Doomed Gallery (Londres), azkenik, zenbait argazki-lehiaketatan ere parte hartu du: PhotoEspaña, Fotonoviembre (Tenerife), DOCfield (Bartzelona), Santander Photo, Encontros da Imagen (Braga), Mulafest (Madril), JustMAD (Madril) edo Luxenburgoko Ikus-entzunezkoen Zentro Nazionalaren Portfolio Days & Night, besteak beste.
Laura San Segundoren lanak, gehienbat, hainbat izaeratako irudiak elkarlotzean eraikitzen diren kontzeptu, esperientzia, behaketa edo interstizio bat sortzen duten ideien, sentimenduen edo sentsazioen fluxutik gorpuzten dira; argazkilariak ez du istorio zehatzekin lan egiten, ezpada, berezko senez, espazioaren, denboraren, materialtasunaren eta egunerokotasunaren ahalmen narratibo edo metaforikoaren gainean, Europako pintura-tradizioarekiko aitamen ugari eginez.