Atal nagusia
20800. 20800 Euskal Herriko posta-kode bat da. Bertan jaio eta hazi nintzen. Aspaldi alde egin nuen jaioterritik. Ez nuen uste itzuliko nintzenik. Aldi baterako etortzen naizen tokia bihurtu da. Sendiaren eta oroipenen bizilekua. Hor dagoen zerumuga bat da, emankor, neronen aldetiko erabakirik gabe da nirea, neronen aldetiko zorrik gabe. Bertakoa naiz, baina urruntasun apur batez maite dut. Zerumuga zehazgabea da. Ezaguna zaidan itsaso baten olatuen talka da. Kanpora begiratzea, baina baita barrura ere.
Errepikapena eta ahanztura. Etxeko usainak eta egunorokotasunaren joan-etorria, biak ezagunak. Belarra, kresala eta esamesen hotsa. Lagunak. Zementua eta herentzia. Memoria eta bizitza. Ezustean baina kontziente egin den itzulera baten dokumentua da argazki-liburu hau, herri bat bezain handia den ispiluaren antzekoa. Bere erretratuak nahi nituen, bere objektuak eta guneak. Bat-batean sortutako errituaz, apal, jaso nuen emandakoa.
Nireak ere izango ote ziren esperoan. Agian, benetako saria irudi hauek nireganatzea izan da. Ez hitzartutako eran, ezta aurreikusten nuen moduan ere. Atera dena badu poema dokumentaletik, edota musika piezatik. Senak esaten zidana baino harago joan den elkarrizketa izan da.
Artistaren biografia
Argazkilaritzan lizentziatu ondoren Londreseko Arte Unibertsitatean (2000), Irudi eta Komunikazio Masterra egin zuen Londreseko Goldsmiths Unibertsitatean (2003). Gaur egun, bere proiektu artistikoak, kazetaritza eta autonomo bezala Londresen egindako lanekin uztartzen ditu.
Fotokazetaritzan, irudia erabakigarria izatea espero da, informazioa ematea eta eszenan gertatzen denaren sintesi argia eskaintzea. Bere lanak, ordea, ihes egiten du ohiko kontakizunetik: nahiago ditu amaitu gabeko ekintzak, istorio irekiak eta amaiera zehaztugabeak, errealitatearen substratu poetikoan bete betean barneratuz.