Irailaren 30etik urriaren 30era arte, emakumeek egindako ehunka argazkik artez blaituko dituzte Barakaldoko kaleak BAFFEST festibalaren VII. edizioaren esparruan. Amaia del Campo Barakaldoko alkateak, Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendariak, Izaskun Landaida Emakundeko presidenteak, eta Nagore Legarreta BAFFEST Emakume Argazkilarien Festibalaren arduradunak, itxura bikaina daukan aurtengo edizioaren xehetasun guztiak aletu dituzte. Festibalaren aurkezpen ofiziala egin ondoren, agintariek eta hedabideetako kideek, Bide Onera plazan bertan, Sara Naomi Lewkowiczen argazkilariaren «Maggie: etxeko indarkeriaren erretratuak» deritzon erakusketa bisitatu dute. Aurtengo edizioaren artista gonbidatua dugu Sara Naomi Lewkowicz eta New York hiritik etorri da berariaz festibalaren aurtengo edizioan parte-hartzera. Hala berean, Rocío Bueno Emakume Argazkilarien BAFFEST Lehiaketaren 2021eko estatuko irabazlea izan da aurkezpenean. Azkena Madrildik etorri zaigu bere erakusketa aurkeztera.
Emakumeek egindako hamaika argazki bikain ikus daitezke gaurtik datorren hilabetea amaitu arte Barakaldoko kaleetan. Barakaldoko Udalak Fotopop Producciones Culturales-en eskutik bultzatu duen BAFFEST festibalaren VII. edizioaren helburua da adierazpen artistikotzat jotako argazkilaritza jende ororengana hurbiltzea, argazkiak herritarrek egunero-egunero erabiltzen dituzten eremu erkideetan jarrita.
Emakume argazkilarien inguruan antolatzen den festibal paregabe honek 5 erakusketa eskainiko ditu aurten: Emakume Argazkilarien BAFFEST 2022 Lehiaketako 9 finalisten erakusketa bat eta beste lau: Rocío Bueno, Cris P. Lareo, Elena González Torres eta Sara Naomi Lewkowicz argazkilarienak, azkena edizio honetako artista gonbidatua dela. Argazkilari guztien formatu handiko argazkiak erakutsiko dira ikusleen begie gozagarri, horietako bakoitzari gai bat dariola, gogoeta bat datxekiola, bisitariak eman nahi diona, hain zuzen ere.
Urriaren 8an, BAFFEST Argazki Egunarekin bat eginez, Clara Campoamor kultura-etxean, Emakume Argazkilarien BAFFEST 2022 Lehiaketaren 9 finalistek egindako lanak defendatuko dituzte epaimahaiko kideen aurrean eta, arratsaldean, bi sariak ebatziko dira: Barakaldo Saria, euskal argazkilari onenarentzat, eta BAFFEST Saria, estatuko argazkilari onenarentzat. Finalistek era digitalean proiektatuta aurkeztu ahalko dituzte lanak edo, bestela, euskarri fisikoren bat erabiliz, hori ere bideokamera bat baliatuz proiektatuko baita. Aurkezpenean bertan, epaimahaiko kideek iritzia eman eta iradokizunak egingo dizkiete argazkilariei, lanaren garapenaren lagungarri.
Emakume Argazkilarien BAFFEST 2022 Lehiaketaren 9 finalistak, Foruen pasealekuan
- Meritxell Ahicart, «Devilvery» (Castelló).
- Ainhoa Valle, «Matriz Cero» (Oviedo, Bartzelonan bizi da).
- Georgina Rodríguez Ayala, «Esquejes» (Mexiko, Bilbon bizi da).
- Deebo Barreiro,«La casa de las delicias» (Vigo, Madrilen bizi da).
- Laura San Segundo, «El recinto circular» (Alcala de Henares, Madril).
- Raquel Bravo «Nubes, Pájaros, Flores» (Madril).
- María Hernández Laplaza, «Todo el rato pasan cosas» (Tutera, Bilbon bizi da).
- Tania Barrenetxea, «Apegos feroces» (Barrika, Bizkaia).
- Irene Larrañaga «Insuladas» (Donostia).
Aurtengoa dugu aurretiaz hautaturiko hogeita hamar emakume argazkilariek euren lanak modu berezian aurkeztu dituzten lehenengo urtea, hau da, Valentzian, Madrilen eta Donostian egindako zuzeneko ikustaldiak baliatuz. BAFFEST 2022 Festibalaren antolatzaileek oso egoki iritzi diote ekimenari. «Jaialdiak hiru hiri horietan jaso duen harrera zoragarria eta izugarria izan da. Eskerrik asko Revelarte, EFTI eskolei eta San Telmo Museoari, dagoeneko BAFFEST familiaren barrukotzat jotzen ditugu hirurok. Aurkezpenen maila eta jendearen erantzuna izugarria izan da, eta egiatan zaila izango da bizi izan dugun esperientzia gainditzea».
Itxura batean, urriaren 8ko ‘BAFFEST Argazki Eguna’ nahikoa trinkoa izango da. Bezperatik hasiko da, urriaren 7an, Euskal Herriko eta estatuko parte-hartzaile guztiei harrera egingo zaie. Hurrengo egunean, urriaren 8an (larunbata), goiz-goizetik, ikustaldiak egingo dira Clara Campoamor kultura-etxean eta bisita gidatua ere izango da; bisita amaitutakoan, herri-bazkaria egingo da.
Arratsaldean, aldiz, 17:00etatik 21:00etara, ekitaldi gehiago izango dira kultura- etxeko auditorioan:
- 17:00: EFTI (Madril) eta Revelarte (Valentzia) eskolen eta San Telmo Museoaren (Donostia) aurkezpen laburrak. ‘Gabriela Cendoya Bergareche’ argazki-liburuen bilduma gordeta dago San Telmon. Aipaturiko hiru etxe horietan, aukeratu diren lehen hogeita hamar argazkilarien lanen ikustaldiak egin dira maiatzean.
- 18:30: Carmen Dalmauren argazki-liburuaren (Va! aldizkaria) eta Elena González Torres Klamca argazkilariaren erakusketaren aurkezpenak (Elenaren erakusketa kultura etxean bertan dago).
- 20:00: BAFFEST 2022 saria emateko ekitaldia.
Asteburuari azkena emateko, urriaren 9an, igandearekin, Cris P. Lareo argazkilariak Errekatxon daukan erakusketara bisita gidatua egingo da eta, horren ondotik, beste herri-bazkari bat izango da.
Gainerako lau erakusketak ondokoak dira:
- Ipar Amerikako Sara Naomi Lewkowicz argazkilari eta artista gonbidatuak «Maggie: etxeko indarkeriaren erretratuak» izeneko bilduma ekarriko du New Yok hiritik eta Bide Onera plazan egongo da ikusgai. Sarak hainbat sari irabazi ditu etxeko indarkeriari eta LGBTQ familiei buruz egindako lanengatik, horien artean, bi World Press Photo Awards (2014 eta 2016) eta Sony World Photography Organisation L ‘Iris D’ Or saria, 2014an. Ville de Perpignan Remi Ochlik Award (lehenago, Young Reporters Award izenez ezaguna) deritzon saria irabazitako lehen emakumea izan zen, Perpinyà (Frantzia) hiriko Visa Pour L’Image jaialdian. Erakusketa Clara Campoamor kultura-etxean ikusi ahalko da.
Esandako gaiari lotuta, lineako tailer bat antolatu da, Eva Sala argazkilariaren eskutik, eta Bilboko BlackKamera eskolako ikasle gazteek parte hartuko dute ikastaroan. Tailerraren helburua da berdintasuna lantzea eta indarkeria prebenitzea, argazkigintza parte-hartzailearen bidez. Ikastaroaren emaitza, hots, horman jarriko den erakusketa bat, eta Eva Salaren hitzaldia, azaroaren 25ean aurkeztuko dira. Hori guztia Emakumeen kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren esparruan egingo da.
- Rocío Buenok, Emakume Argazkilariren BAFFEST 2021eko Lehiaketaren estatuko irabazleak, erakusketa jarriko du Hizkuntza Eskolan.
- Cris P. Lareok, Emakume Argazkilariren BAFFEST 2021eko Lehiaketaren euskal irabazleak, erakusketa jarriko du Errekatxon. Urriaren 9an, igandearekin, bisita gidatua egingo da eta, geroago, herri bazkaria izango da bertan.
- Elena González Torresek barne-erakusketa eskainiko du Clara Campoamor kultura-etxean, urriaren 8an.
«Maggie: etxeko indarkeriaren erretratuak», Bide Onera plazan
Ipar Amerikako Sara Naomi Lewkowicz argazkilariak karga eta hunkipen emozional handiko istorio erdiragarri batera barruratuko ditu ikusleak, zuzeneko eta berehalako argazki-narratiba bati esker. Lewkowiczek dioenez, narratiba horretan, «argazkilariaren lana eta gizakiaren lana uztartzeko moduko bidea aurkitzen ahalegindu naiz», adierazi du Lewkowiczek.
Proiektu honen helburua da etxeko abusua prozesua bailitzan irudikatzea, unerik gorenera iristen den abusuzko jokamolde bat nola garatzen den erakutsirik eta biktimengan, senideengan eta abusatzaileengan eragiten dituen ondorioak azterturik. Istorioaren lehen zatian, hasieratik bertatik Maggieren eta Shaneren arteko ezkongai-aldiko harremanen lekuko izan den egileak hainbat gorabehera eta trauma kontatzen ditu, harik eta bere begiek ikusi zuten gertakaria jazo arte: biktimak ubelduraz beterik eta gizonak eskuburdinak jarrita amaitu zuten. Istorioaren bigarren zatian, Maggie Alaskara doa bi seme-alaben aita den senar bananduarekin, Zane izeneko armadako soldadu batekin, adiskidetzeko ahaleginetan.
Sara Naomik abusuen epe luzeko ondorioetan, seme-alabengan eta Maggirengan berarengan dituen eraginetan, Maggiek pairatu duen trauman eta traumaren osteko estresean eta senarrak –ordura arte izan duen bizi-esperientzian oinarrituta– nozitu duen bihozminean sakondu nahi du, «atzerrian egiten ditugun gerrei eta geure etxeetan izaten ditugun gerrei erreparaturik».