Bergara (Gipuzkoa), 1976. Arte Ederretan Lizentziatua.
“Arabako Arte Ederretako Museoko didaktika taldeko hezitzailea eta museoko gidaria 2011. urtetik. Nire lehen espresio bideak jorratzeko pintura eta collage-a aukeratu nituen arren, betidanik izan dut argazkilaritzarako jakin mina. Eta horretara hurbildu naiz azken urteotan disziplina honek eskeintzen dizkidan aukerez baliatzeko. Interesatzen zaidan argazkilaritza emozio kargaz beterikoa da.”
Harian
“Paisaia, memoriarekin gertatzen den antzera, irudi subjetibo bat da. Bizi dugun espazioaren pertzepzioa da gure izatearen funtsa moldatzen duena, gure ispiritua asetzen duena. Paisaia hauetan bizitzeak gizabanakoa errotu eta sustraitzen du geure identitatea eraikiz. Paisaia naturalak gu egiten gaitu, eta guk, aldi berean geure paisaia kulturala gauzatzen dugu. Mendia eta goiko haran eta zelaiak nire oroitzapenean dauden hasiera hasierako irudiak eta paisaiak dira. Nire identitateko mugarri.
Iraganarekin lotzen nauen hariak paisaia mosaiko bat bezala irakurrarazten dit; irudi ezberdinez osatutako collage baten irakurketa bailitz. Irudi hauek, nire bizitzaren kontakizunean bilakatu dira. Aldi berean, imajina hauek, tankera emotibo eta espirituala duen paisaia bati buruz mintzo dira. Zelai, baso eta tontorrak, ezinbesteko erreferentzi bilakatu dira. Nire familia, eta zehazki aitona, ordezkaezinak bilakatu dira ibilbide honetan.
Proiektu honek nire/gure identitatearen bidea erakusten digu. Hari gorriaren bitartez, ezaguna zaigun eremu batean gertuko pertsonaia batzuk aurkezten zaizkigu iraganaz, orainaz eta etorkisunaz hitzegiteko. Bizitza bati buruz hitzegiten digu… baina, objetiboa al da denbora? Benetakoa al da identitate hori? Historiaren parte ote dira irudi hoiek? Dena den inspiratzen nauten eremu, leku eta paisaia hauek nire baitan bizi dira; nire memoriaren ataletan bilakatu dira. Nire burutugabeko egia da. Eta ba al da tresna egokiagorik errealitate eta identitate subjetiboak azaltzeko argazkilaritza baino?”