2023 Nola parte hartu BAFFEST emakume argazkilarien lehiaketan
FOTOPOP Producciones ekoizleak antolatzen eta Barakaldoko Udalak bultzatzen duen BAFFEST Barakaldoko Emakume Argazkilarien Festibalak Emakume Argazkilarien Lehiaketaren 8. edizioaren deialdia atera du. Aurten, lehiaketak izango du garrantzirik handiena jaialdiaren barruan, argazkilarien sorkuntza sustatzeko eta ikusarazteko helburuz. Edizio honetan, bertatik bertarako harremanak landu eta estatu mailan argazkigintzaren arloan lan egiten duten argazkilarien arteko loturen sorrera bultzatu nahi ditugu, bide horretan, bitarteko eta ahalegin gehiago inbertituz.
Parte hartzeko baldintzak:
- Espainiako Estatuan bizi diren adinez nagusiko emakume argazkilariek parte hartu ahalko dute lehiaketan.
- Honako deialdi hau emakume argazkilari eta ikus-artistentzat da, eta zeinahi argazkilaritza-diziplina, -gai edo -teknika baliagarria da, irudiak hartzean eta horiek erabiliz sorkuntza lantzean dautzan argazkigintza-molde guztietara zabalik dagoela.
- Aurkezten diren lanak aribideko lanak edo amaitutako lanak izan daitezke, betiere beste lehiaketa batzuetan saririk jaso EZ badute.
- BAFFEST 2023 lehiaketan parte hartuz gero, argazkilariak honako lehiaketa hau arautzen duten oinarriak bete eta onartu behar ditu. Oinarriok jendaurrean jarri dira deialdi honetan. Zeinahi zalantza argitzeko, harremanetan jartzea dago antolatzaileekin, ondoko posta elektronikoa erabiliz: baffest@baffest.eus
- Argazkilariak ziurtatu egiten du argazki guztien egilea dela eta argazkiek ez dutela ezein eskubide publiko edo pribaturen aurka egiten.
Epaimahaia eta sariak:
- Carmen Dalmauk, Tamara García Iglesiasek eta Susana Marrek osatuko dute epaimahaia eta Yone Estivarizek eta Sara Berasalucek koordinatuko dituzte epaimahaikideak. Epaimahaiak 30 lan aukeratuko ditu, eta argazkilariek Valentzian, Madrilen eta Gasteizen aurkeztuko dituzte lanok.
- Hautatutako 30 argazkilariek aurrez aurre aurkeztuko dituzte euren lanak, horietako bakoitzari esleitzen dizkioten hirietan, aurrerago zehaztuko diren leku-ordutegietan. Lanok aurkezteko joan-etorrien gastuak argazkilarien konturakoak izango dira. Nolanahi ere, justifikaturiko arrazoiak direla tarteko, argazkilariren batek aurkezpenera joaterik ez baleuka, antolatzaileek beste bitarteko batzuk baliatuko lituzkete aurkezpena egin ahal izateko. Hala eta guztiz ere, argazkilariak ezin iznago balu parte hartu, epaimahaiak hurrengo argazkilariari emango dio lekua, zerrendaren hurrenkeraren arabera, erreskadan.
- Epaimahaiak hiru lan aukeratuko ditu ikustaldi bakoitzean. Bederatzi lan horiek urriaren 7an aurkeztuko dira, Barakaldon egingo den “BAFFEST Argazki Eguna” delako ekitaldian.
- Epaimahaiak emakume argazkilari bakarraren lana aukeratuko du, eta horixe izango da BAFFEST 2023 Emakume Argazkilarien Lehiaketaren irabazlea. Irabazleak 500 euroko saria jasoko du. Epaimahaiak beste argazkilari bat ere hautatuko du, BARAKALDO 2023 sariaren irabazlea, eta horrek ere 500 euroko zenbatekoa jasoko du. Aukeratutako 9 argazkilariek aipaturiko sariak irabazi ahalko dituzte eta, gainera, lehiaketaren bi irabazleek banako erakusketa jarriko dute 2024ko edizioan (festibalak ekoitziko du).
- Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da, aurkeztutako edozein lanen inguruan sortutako zalantzak direla eta, epaimahaiak azken erabakia hartzeko eskumena daukala ulertu behar delarik. Era berean, BAFFEST arautzen duten balioei kalte egiten dioten etikarik gabeko lanak baztertzeko aukera dauka epaimahaiak.
- Argazkilariek euren gain hartuko dute hirugarrenek egindako erreklamazioen ziozko erantzukizun osoa −jabetza intelektualeko eskubideei eta irudi-eskubideei buruzko erreklamazioen eta erreportajearen protagonista diren norbanakoek egiten dituzten erreklamazioen ziozkoa−, pertsona fisikoak direla, pertsona juridikoak direla; hori horrela, antolakuntzak zein hura osatzen duten pertsonek ez dute inolako erantzukizunik izango halako erreklamazioen ondorioz.
- Bederatzi finalistek 150 euroko laguntza jasoko dute Barakaldora joan eta urriaren 7an lana aurkez dezaten.
Lehiaketan parte hartzeko, bete inprimakia ondoko datu hauek adierazita:
- Biografia edo CV laburra (gehienez ere, 1.500 karakterekoa).
- Aurkeztu nahi den proiektuaren izenburua eta deskribapena (gehienez ere, 1.500 karakterekoa).
- Proiektuaren irudiak (gehienez ere, 10 irudi).
- Argazkilariaren datuak (izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta webgunea).
- Lan guztiak PDF formatuko fitxategi bakarrean bidaliko dira PDF formatuko fitxategi batean eta fitxategiaren tamaina ez da 12 Mb-tik gorakoa izango.
- Hizkuntza: dosierrak gaztelaniaz edo ele bietan (euskaraz/gaztelaniaz) aurkeztu ahalko dira. Finalistek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahalko dituzte lanak Gasteizko ikustaldiaren egunean, bai eta Barakaldoko ARGAZKI EGUNEAN ere.
Parte hartzeko inprimakia:
Egutegia:
- Martxoaren 17a: deialdiaren hasiera-data.
- Apirilaren 16a, 23:59an: deialdiaren amaiera-data.
- Apirilaren 21a: hautatuko lanak argitaratuko dira.
- Maiatzaren 3a: argazki-bildumak Valentzian ikusiko dira.
- Maiatzaren 5a: argazki-bildumak Madrilen ikusiko dira.
- Maiatzaren 13a: argazki-bildumak Gasteizen ikusiko dira.
- Ekainaren 9a: ikustaldietan hautaturiko lanen berri iragarriko da STMn.
- Urriaren 7a eta 8a: BAFFEST ARGAZKI ASTEBURUA, Barakaldon.
- Finalisten lanak aurkeztuko dira.
- Emakume argazkilari irabazlea nor den iragarriko da.