Reyes Sedano argazkilari lanetan Mexikoko Chiapas eskualdean hasi zen. Bertoko talde indigena zapatisten bizimodua ezagutarazteko asmoz. Honen harira, Chiapas, la cara oculta de México izeneko erreportajea Espainia eta Boliviako zenbait erakusketatan agertu zen. Ordutik, bere argazkilari ibilbidea argazki-kazetaritzari lotua izan da.
Besteak beste, Bolivia eta Espainiako komunikabide batzuetan lan egin du Sedanok. Bolivian egon zeneko garaian “El nuevo día” egunkarian behar egin zuen eta bertan bi proiektu garatu zituen: lehengoa Los hijos de San Lorenzo Santa Cruz de la Sierrako umezurztegiari buruzkoa izan zen; eta bigarrenean Palmasola, una ciudad entre rejas espetxean dauden presoen gaineko bizimoduaz mintzatzen da Reyes. Lau urte baino gehiago eman zuen Espainian zehar, lanbide maskulinizatuetan dauden emakumeei buruzko erreportaje bat egiteko. Erreportajeak “Sexo débil, sexo fuerte deritzo”.
Pecados capitales
“Bekatu nagusiek bizioen multzoa osatzen dute. Erlijio kristauak akats moraltzat jotzen ditu, eta ez ditugula egin behar azpimarratzen digu. Bekatu nagusitzat jotzen dira; izan ere, oso larriak eta beste bizio batzuen iturburua baitira. Lagun zintzoak bihurtzeko gutxietsi egin behar dira. Bekatu horiek batzuetan sortu egiten ditugu; beste batzuetan, aldiz, sentitu edota jasan egiten ditugu.
Lan honekin gogoeta sakona egin gura izan dut. Aipatutako bekatuek zelan eragiten dien emakumeei aztertzeko. Hausnarketa egin dut gizarte osoak zelan eratzen duen berdintasun eza; izan ere, denok sexuagatiko desberdintasunak amaitzeko arduradunak garela azpimarratu nahi dut. Emakumeen lanari buruz hitz egiten dut; hala nola bakardadeaz, emakumearen sexualitateaz, matxismoaz, super andrearen kontzeptuaz eta emakumeen rol tradizionalez. Argazkietan 55 eta 70 urte arteko andre helduak azaltzen dira.
Emakume horiek ez dute bat egiten saltzen diguten kultura eta gizarte estereotipoarekin, ezta estereotipo ekonomikoarekin ere. Ez dira emakume argalak, ez dira gazteak eta ez dira arrakastatsuak. Emakume indartsuak eta ahulak dira, askeak eta euren beharrak dituztenak. Proiektu honek andrearekiko edozein morrontza eta bazterketa salatzen du. Gizonezkoak eta emakumezkoak, denak errudunak eta arduradunak.”