BAFFEST 2024 EMAKUME ARGAZKILARIEN LEHIAKETAREN FINALISTA
Usue Belandia Erauzkin dut izena eta Gasteizen jaio nintzen 1989an. Neskatila jakin-gosea izan nintzen, irakurlea, eta itxuraz, lotsa gutxikoa. Koskortu nintzenean, dohain horiei guztiei heldu nien, lotsagabetasunari izan ezik. Bartzelonara joan nintzen arkitektura ikastera, zergatik ez nekiela. Karrera amaitzean, argi izan nuen argazkilaritza ikasi nahi nuela, eta ahal bezainbeste ikastaro egiten hasi nintzen. Uneren batean, gainera, nahikoa ez zela iritzita, kontakizunak eta poesia idazteari buruzko ikastaroak ere egiten hasi nintzen. Horiek guztiak egiten ari nintzela, ulertu nuen nire buruari galderak egitea interesatzen zitzaidala. Ohartu nintzen ikertu nahi nuela, nire ideiei forma eman nahi niela, beste pertsona batzuek jasotzeko moduan eta laneko prozeduran nire burua eraldatu nahi nuela.
Barrutik eraiki
Autoeraikuntza ez da inoiz amaitzen, aribidean dago beti. Etxebizitzak prekarietatetik eta autokudeaketatik sortzen dira, barrutik egituratzen dira, eta eraikitzen dituztenen bizitza biltzen dute. Periferietatik ibiltzen naiz, autoeraikuntza bertan loratzen baita; fatxaden argazkiak ateratzen ditut. Nire gorputza beste batzuek zolatutako kaleekin hizketan hasten da. Eraikinak altxatu zituztenak ezagutu nahi ditut, eraikitzen zergatik zekiten jakin nahi dut, nondik zetozen konta diezadaten nahi dut. Kontu horiek erabili ditut buruan, zazpi urtean, Bartzelonako Carmel auzotik, La Palma uhartetik , Huelvako Ayamonte herritik eta Tenerife uhartetik barrena ibiliz.