Argazkia: Isabel Permuy
Emakume argazkilarien BAFFEST festibala Madrilgo EFTI Argazkilaritza Eskolan aurkeztu zen martxoaren 17an. Aurkezpen horretan azaldu ziren edizio berriak dakartzan berritasunak.
Aurrenekoz, BAFFEST jaialdiak erakusketa bat antolatuko du Barakaldotik kanpo. Tania Barrenetxea argazkilariaren «Apegos Feroces» (Atxikimendu gupidagabeak) erakusketa EFTI eskolako FUJI Film aretoan izango da ikusgai martxoaren 31 arte, Carmen Dalmauk erakusketaren komisario jardungo duela.
Gainera, urtearen barruan, BAFFEST hitzaldien zikloa eta tailerrak eskainiko dira Barakaldon. Hemen dituzu jardueron datak.
Beste alde batetik, Emakume Argazkilarien BAFFEST festibalaren 2023ko edizioak arduradun berriak dauzka: Sara Berasaluce eta Yone Estivarizek lekukoa hartu diote Nagore Legarretari.
Bigarren urtez, jaialdiak aurrez aurreko hiru ikustaldi eskainiko ditu: Valentzian (maiatzaren 3an, Revelarte eskolan), Madrilen (maiatzaren 5ean, EFTI eskolan) eta Vitoria-Gasteizen (maiatzaren 12an, Artium museoan). Epaimahaikideek (Carmen Dalmau, Susana Mar eta Tamara García) hautaturiko 30 argazkilariek parte hartuko dute ikustaldietan.
Ekainaren 9an, berriz, Barakaldon, urrian, lehiatuko diren bederatzi argazkilarien izenak jakinaraziko dira Donostiako San Telmo museoan. Egun horretan bertan, Meritxell Ahicart argazkilariak, 2022ko lehiaketaren estatuko irabazleak, «Devilvery» lana aurkeztuko du STMn.
Jaialdia Bizkaiko hiriko kaleetara itzuliko da irailaren 29tik urriaren 31ra. Emakume argazkilarien eta zaleen arteko topaldi handi −BAFFEST ARGAZKI ASTEBURUA− urriaren 7an eta 8an izango da, Barakaldon. Orduantxe jakingo da 2023ko lehiaketaren irabazleak nor izango diren.
Bat egin BAFFEST komunitatearekin; ez izan zalantzarik eta idatz iezaguzu (baffest@baffest.eus) 8. edizioa bisitatu eta festibalaz gozatzeko.
Argazkia: Nuria González