1975ean jaioa, Donostian. Gaur egun finantza arloan lan egiten badut ere txikitatik izan dut argazkigintzarako miresmena. Beti izan dugu etxean kameraren bat, bainan, ez da izango duela urte eta erdi arte serioago landu eta uztartu dudana, Txondorra kultur unean Nagore Legarretaren eskutik, sormen eta argazki proiektuak lantzeko ikastaroarekin. Besteak beste Tailerrak egin ditut Juanan Requena (El Granero), eta Jon Cazenave eta Awoiska Van der Molen-ekin (San Telmo Museoa).
Argazkigintzak nigan izan duen eraginez hitz egin beharko banu, Mundu berri bat ireki eta nere barruan gertatzen direnak kudeatu eta ulertzeko balio didan herramienta mugagabea dela esango nuke, emozioak beste era batean kudeatzeko aukera eman didana. Aurten Argi Festibalaren barruan erakusketa izango du PLAKETAK nire lehen lanak Apirilaren 5etik Maiatzaren 5a arte.
Plaketak
Oroitzapenen helduleku sinbolikoa
“Nola txukundu memoria? Nola eraiki gure oinak helduko dituen lurra? Nola baretu zauriak oroitzapenekiko sarbiderik ezdugunean? Nola berriro altxa heldulekuak urtu direnean? Memoria irudikatuz? Ukitu ezin ditugun oroitzapenak marraztuz agian?
Erantzunak behar izan eta hauek bilatzeko indarrak urriak ziren bizi-unea da lan honen abiapuntua. Zegokidan momentuari ihes egin nahian eta ustez urruntzen ari nintzela, argazkien zeharbidea erabiliz, aurre egiten ari nintzaiolaz ohartu nintzen. Baliabide eta bitartekari, natura. Barruak hitz egin zezan espazio eta askatasuna eman zizkidan.
Helduleku sinbolikoen bilaketan oinarritzen da argazki lana. Egoera onartu ondoren eta nire lekua bilatu nahian, memorian gordeak zeuden bizipenak irudietara ekarri nituen. Niretzako oinarri izan diren baloreak azpimarratu nituen eta bide horri jarraiki, pausoz pauso, aingurak eraiki nituen. Bide horretan memoriara sarbiderik izan ez eta, eszenatokiak eraiki eta helduleku sinbolikoak marraztu nituen irudietan.
Plastikoki analogikoaren dentsitatea bilatu dut sortutako irudietan. Espazioari dagokionez huts tarte zabalak eta txuriak eraiki ditut marraztutako heldulekuen euskarri. Irudiek prozesu digitala nahiz eskuzkoak erabiliz interbenitu dira.”